Lantegi Batuak Fundazioak eta Mondragon Unibertsitateak urritasuna duten unibertsitate horretako ikasleei zuzendutako lehenengo beka deialdia sustatu dute. Tituludun berriei, graduondo edo masterren bat egiten ari direnei edo 2016-2017 ikasturtean bukatu dutenei zuzenduta daude.
Beka horien helburua urritasuna duten ikasle eta tituludunen lan-aukerak areagotzea da. Horrela, urritasunaren ondorioz lan munduan murgiltzeko zailtasun handiagoak eduki ditzaketen pertsonek beren enplegagarritasuna hobetuko dute.
Beka horrek 6 hilabeteko praktikaldia egiteko aukera emango du, ordainduta eta lanaldi osoz (2018ko otsailaren 1etik uztailaren 30era), Lantegi Batuak-en.
Hainbat zerbitzu-motarekin(inklusioa, pertsonak, berrikuntza, dibertsifikazioa, kudeaketa edo marketina), edo jarduera-sektorerekin lotutakoak izan daitezke (industria, automozioa, elektronika, logistika, ekipamendu elektrikoa, zerbitzuak, dokumentuen kudeaketa, turismoa, ostalaritza, eta abar). Gainera, leku desberdinetan egingo dira; 22 zentroetakoren batean edo Bizkaiko zerbitzu-sare zabalean.
Eskaerak jasotzeko epea urriaren 2tik azaroaren 17ra bitartekoa izango da, eta Mondragon Unibertsitateko Errektoretzan entregatu beharko dira.