Lantegi Batuak – urritasuna duten pertsonentzako Bizkaian lan-aukerak sortzen dituen irabazi asmorik gabeko erakundeak beste aurrerapauso bat eman du dibertsifikazioan. A-8ko Amorebieta-Etxanoko Repsolren zerbitzu-gunea kudeatzen hasiko da.
Repsol-Petronorrekin lortutako akordioa 4 urterako da, epe luzagarria du eta urritasuna duten 8 pertsona –3 emakume eta 5 gizon- laneratuko dira horri esker. Guztira 11 pertsonako taldea arduratuko da 450 m2 dituen zerbitzu-gune osoa kudeatzeaz.
Beste gauza batzuen artean, Lantegi Batuak-ek gune horretako denda, kafetegia, sukaldea eta terraza kudeatuko ditu. Ostalaritza arloko prestakuntza espezifikoa jaso duten langileak dira, horren barnean barran eta mahaietan arreta ematea eta elikagaiak manipulatzea.
Pertsona horiei lan egiteko aukera emateaz gain, jendaurreko lan bat denez, urritasuna duten pertsonen gaitasunak ikusarazi egingo dira, batzuetan aurreiritzietan oinarrituta egoten diren estereotipoak apurtzeko.
Lantegi Batuak ostalaritzan
Amorebietako zerbitzu berri horrekin, Lantegi Batuak-ek laneratzeko aukerak irekitzen jarraitzen du Bizkaian urritasuna duten pertsonen artean. Ostalaritzaren sektorean bi esperientzia arrakastatsu izan ditu dagoeneko, BBK Bilbao Good Hostel eta Diversity.
BBK Bilbao Good Hostel urritasuna duten pertsonek kudeatutako Euskal Herriko lehendabiziko aterpea izan zen, irisgarritasun unibertsalaren irizpidean oinarrituta diseinatutakoa, eta 12 dira bertan lanean diharduten Lantegi Batuak-en langileak. Bi urte eskaseko ibilbidean, Boluetan dagoen turismo irisgarrirako “oztoporik gabeko” ostatu honek mundu osoko 20.000 turista baino gehiago erakarri ditu dagoeneko.Bestalde, Diversity tabernak, Bilboko erdigunean kokatutako 175 metroko lokal modernoak, barrako zerbitzua eta eguneko menua eskaintzen ditu. Gaur egun, urritasuna duten Lantegi Batuak-eko 8 pertsonak egiten dute lan bertan.
Lantegi Batuak irabazi asmorik gabeko erakunde pribatu bat da, Bizkaian urritasunen bat duten pertsonei lan-aukerak sortzeko xedea duena. Lan-erakunde honek 2.800 laguni baino gehiagori ematen die lana, bere 25 zentroetan eta zerbitzu-sare zabalean. Horietatik 2.500ek urritasunen bat dute. %63k adimen-urritasuna dute, %31k urritasun fisikoa edo zentzumenekoa, eta gainerako %6k, buruko nahasmendua.
Bere ibilbidean zehar, Lantegi Batuak-ek lan aukerak sortu ditu Bizkaian urritasuna duten 5.000 pertsona baino gehiagorentzat eta 250 pertsonari lagundu die beste enpresa batzuetan lana lortzen.
Lantegi Batuak-ek pertsonengan, iraunkortasunean eta bikaintasunaren bilaketan zentraturiko balioetan oinarritzen du bere kudeaketa, bai bezeroentzako zerbitzuetan, bai pertsonen arretan. Hainbat kalitate-ziurtagiri jaso ditu; esaterako, Kudeaketa Bikaintasunaren Zilarrezko Q, ISO 9000 (kalitatea), OSHAS 18000 (laneko segurtasuna eta osasuna), ISO 14000 (ingurumen arloko zerbitzuak), ISO TS 16949 (automozioa), eta Aukera Berdintasuna (Emakunde).