Laneko Arriskuen Nazioarteko 10. Kongresuak, ORP (Occupational Risk Prevention), 2012ko ORP saria entregatuko dio gaur Lantegi Batuak-i. Sari horrek lanaren antolakuntza eta laneko arriskuen prebentzio arloan egindako lana aitortzen du.
ORP Kongresuaren 10. edizioa izan da; Kataluniako Unibertsitate Politeknikoak antolatu du, OSALAN, Laneko Osasun eta Segurtasunaren Euskal Institutuarekin batera. ORP nazioarteko foro bat da, arlo hauei buruzko informazioa eta azken berriak partekatzeko sortua: laneko joera, metodo eta proiektuak, ergonomia eta segurtasun tresnak, higienea, laneko medikuntza, psikosoziologia, prestakuntza eta prebentzioaren kudeaketa. Kontzeptu guzti horiek erantzukizun sozial korporatiboaren parametroen barruan integratu beharra dago.
Kongresua maiatzaren 25era artekoa izan da, Euskalduna jauregian. 1.500 pertsona bildu dira bertan; horien artean, laneko antolakuntza eta laneko arriskuen prebentzioaren arloko nazioarteko erreferente direnak. Egitarauaren barruan 80 hitzaldi eta mahai-inguru baino gehiago izan dira.
Lantegi Batuak irabazi asmorik gabeko erakundea da, eta 1.000 enpresa eta erakunde baino gehiago ditu bere bezeroen artean. Lan-erakunde honek 2.600 pertsona baino gehiagori ematen die lana, bere 20 zentroetan eta zerbitzu-sare zabalean. Horietatik 2.300ek urritasunen bat dute. %70ek adimen-urritasuna dute, %25ek urritasun fisikoa edo zentzumenekoa, eta gainerako %5ek, buruko nahasmendua.
Horrela, abian den ia 30 urte hauetan, Lantegi Batuak Fundazioa erreferente bihurtu da, ekonomia sozialeko tresna eta eraldaketa sozialerako tresna. Ekintzailetza eta berrikuntza soziala dira urritasuna duten pertsonak gizarteratzeko baliabideak, eta lanaren bidez partaidetza soziala bultzatzen du. Nazioarteko erreferente bat da, urritasuna duten pertsonen laneratzeari dagokionez.