Bolueta auzoan egongo da, Bilboko hirigunetik bost minura, eta aterpetxe moderno, merkea, eroso eta mugitzeko arazoak dituzten pertsonentzako sartzen erraza izango da. BBK-k eta Lantegi Batuak-ek jarriko dute martxan hotel berritzaile hau 2011n.
Aurreikuspenen arabera, 2011n gauzatuko da BBKren eta Lantegi Batuak-en arteko lankidetza-proiektu hau. Horrela bada, Europan lehenengoz, ezgaitasun intelektual eta fisikoak dituzten pertsonen ardurapeko gazte-aterpetxea irekiko da Bilbon. BBKBilbaoGoodHostel aterpetxe modernoa izango da eta hirigunetik bost minutura egongo da, Bolueta auzoan. Instalazio erabat irisgarriak izango ditu -mugitzeko ezintasunak dituzten pertsonentzat egokituak alegia-, eta bai zerbitzu-eskaintza erakargarri bat ere. BBKBilbaoGoodHostel-ek erosotasun bila dabiltzan gazte, familia eta taldeei ostatu eskainiko die prezio merkean. BBK-k Iturlaneko tailer zaharrak laga ditu aterpetxea eraikitzeko, eta horrez gain, BBK Solidarioko Elkartasun Fondoak diru-laguntza espezifikoa eskaini du. Aterpetxeak ehun lagunentzako lekua izango du lau, sei eta zortzi oheko hogei logeletan banaturik. Lantegi Batuak ostatu-zerbitzu osoa kudeatzeaz arduratuko da. Halaber, erabilera anitzeko gelak izango dira -doako wifirekin, eguneko 24 orduetan erabilgarri-, kafetegi modernoa, kafe zerbitzua eta doako prentsarekin, eta nazioarteko ukitua duen euskal sukaldaritzako eskaintza zabala.
BBKBilbaoGoodHostel-ek giro atsegina eta dibertigarria lortu nahi du, eta horretarako, bisitarien nahierarako aisialdi eta turismo arloko hainbat jarduera prestatuko ditu. Era berean, ekitaldi bereziak antolatuko ditu, kontzertuak, ospakizun tematikoak, bilerak eta erakusketak besteak beste.
Horiez guztiez gain, laneratzeko aukera egiazkoa eskaintzen die ezgaitasun intelektual eta fisikoak dituzten pertsonei, eta bai gizartetik batertzeko arriskuan dauden beste kolektibo batzuei ere. Proiektuaren barruan, ezgaitasunak dituzten hamabost pertsonentzako lanpostuak sortzea aurreikusten da. Aterpetxea erakuslehioa eta paregabeko lantresna bilakatuko da, pertsona hauek hostalaritza arloan lan egiteko beharrezkoak diren trebetasun eta ezagutzak garatu ahal ditzaten: garbitzea, janariak prestatzea, bezeroak atenditzea eta ostatu ematea…
Ekimen honi esker, Lantegi Batuak koste baxuko eta mugarik gabeko turismo unibertsalaren munduan sartuko da. Gorako bidean dagoen merkatua da, eta mundu osoko miloika pertsona mugiarazten ditu, haien gaitasun eta egoerak edozein direla ere. Gainera, proiektuak ostatu-leku merke gehiago sortzen lagunduko du, Bilbon gero eta handiagoa baita mota horretako eskaera.