Metro Bilbaoko Bolueta eta Etxebarriko geltokietako garbiketa eta mantentze-lanak egitea Lantegi Batuak entitateari esleitu zaio. Etxebarriren kasuan, inguruko lorategietako zaintza lanetaz ere arduratuko da.
Eguneroko zerbitzua datozen hiru urteetan eman beharko dute eta urritasunen bat duten 15 langileei (horietatik 9 adimen urritasuna dutenak) lan munduan gizarteratzeko aukera emango die. Garbiketa eta mantentze lanak egin beharko dituzte geltokietako eraikinen instalazio guztietan, trenbideetako patioetan eta nasetan. Horrela, pertsona horiek beren lan egiteko modu arduratsuarekin eta dituzten gaitasunekin lagundu egingo dute Metro Bilbaok jarrai dezan Europako metroetako garbienetakotzat joa izaten aho batez.
Metro Bilbao izen zen 2005ean estatu mailan zerbitzuak enplegu zentro berezi bati kontratatzen zizkion lehen metroa, Lantegi Batuak-i esleitu baitzizkion Etxebarri geltokiko garbiketa, mantentze eta lorezaintza lanak.
Lantegi Batuak-ek esperientzia handia du garbiketa eta lorezaintza arloetan, izan ere, Bizkaian Ingurumen Zerbitzuetan 200 bezerotik gora baititu. Horri esker urritasunen bat duten 300etik gora pertsonari eman zaie lan egiteko aukera.
Egoera ekonomikoa zaila izan arren, Lantegi Batuak-ek, 2009an urritasunen bat duten langileen enplegua mantentzea lortzeaz gain, 72 lanpostu berri sortu zituen. Kontuan hartu behar da lan merkatura iristeko zailtasun handiak dituen gizataldea dela, eta Bizkaian, hain zuzen ere, langabetuen tasa %30ekoa duela. Neurri handi batean, enpleguaren sorreraren jatorria entitatearen zerbitzuen arloan eman zen. Besteak beste, zerbitzu hauek eskaintzen dituzte: garbiketa, lorezaintza, marketing zuzena, dokumentuen kudeaketa, etxez etxe janaria eramateko zerbitzua, gasolindegietako lana edo vending zerbitzua.
Gaur egun, Lantegi Batuak-en, urritasunen bat duten 2.200 langiletik gora daude lanean. Horietatik, %70ek adimen urritasuna dute, %25ek urritasun fisikoa edo sentsoriala eta %5ek buruko gaixotasunak.