2007ko maiatzak 15 – ICIL Fundazioak, Logistikako Institutu Katalanak, egindako hirugarren sariketan Lantegi Batuak saritu du, bere Logistikaren Bikaintasuna dela eta. Epaimahaiaren arabera, Bizkaiko Fundazioak sari hori jasotzeko merituak egin ditu; izan ere, “egunez egun lortzen du enpresako langile urrituek garapen bidean dituzten jarrerak kontuan hartuz lan-kopuru aldakorra egokitu beharrak dakarren plangintza eta exekuzio arazoei eraginkortasunez aurre egitea”.
Zentzu horretan, bada, Lantegi Batuak-ek lehenago horrelako sariak jaso izan dituzten Eroski eta Irizar bezalako euskal enpresa ospetsuen lekukoa hartu du. Lantegi Batuak-ekin batera, edizio honetan aipamena jasoko dute, baita ere, honakoek: Leroy Merlin, Prosegur eta Eat Out Group.
ICIL Bartzelonan sortu zen 1980an Institut Catalá de Logística izenarekin eta logistikarekin zerikusia duten AENORen Normalizazio Batzorde guztien Idazkaritza Teknikoaz arduratzen da. Bera da, halaber, AENORek emandako eskuordetzari esker, ordezkari nazionala Europako hainbat batzordetan.
Gaur egun, urritasuna duten 1.996 pertsona daude Lantegi Batuak-en egituran. Horietatik 775 lagunek okupazio zentroetan dihardute eta 1.221ek, berriz, enplegu zentro berezietan. Lantegi Batuak fundazioak 17 zentro ditu Bizkaiko honako udalerrietan: Bilbo (3), Etxebarri (2), Loiu (2), Zorrotza, Basauri, Derio, Sestao, Zalla, Erandio, Markina, Zornotza, Gernika eta Abadiño.
Horiei esker, industria sektoreko 500 bezero baino gehiagori ematen zaie zerbitzua, besteak beste, industria eta zerbitzu laguntzaileetan aritzen diren honako sektoreetako enpresei: mekanizatuak, elektronika edota muntaketa, dokumentu kudeaketa, publizitatea edota digitalizazioa. Horrez gain, zentro hauetatik kanpo, Lantegi Batuak Fundazioak honako kanpo zerbitzuak dauzka: lorezaintza; garbiketa; gasolindegi, kokagune eta bestelakoetan langileak; eta abar.