Kontsumitzeko prest dauden entsalada eta barazki freskoak merkaturatuz hasiko du bere jarduera, Bizkaiko 7 ustiategi ekologiko hornitzaile dituela.
Lehen fasean, NAIA proiektuak 14 lanpostu berri sortuko ditu urritasuna duten pertsonentzat eta 2 urtetan 20 izatea aurreikusi da.
Lantegi Batuak erakundeak beste aurrerapauso bat eman du dibertsifikazioaren bidetik, NAIA proiektuaren bidez. Tokiko produktuen aldeko apustua egin duen nekazaritza eta elikadura arloko ekimena da.
Aurkezpen ekitaldira bertaratu dira Bilboko Alkate eta Mercabilbaoko Presidentea, Juan Mari Aburto; ENEEK erakundeko Presidentea (Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua), Roman Bengoa; eta AZTIko Zuzendaria, Rogelio Pozo. NAIA proiektuaren bidez, Lantegi Batuak erakundeak aukera berri bat sortu du, ekologikoki ekoitzitako barazki eta entsaladen bidez. Horrela, nekazaritza praktika iraunkorrak eta urritasuna duten pertsonen laneratzea uztartuko ditu. Lehen fasean, 14 lanpostu berri sortuko dira eta 2 urtetan 20 izatea aurreikusi da.
Jarduera honi ekiteko unean, NAIA produktu freskoak Bizkaiko 7 ustiategi ekologikotan ekoizten dira.
Zeberio, Artea, Loiu, Mungia eta Gamiz/Fikan kokatutako guneak dira. Produktuak ontziratzeko, konpostatu daitekeen bioplastikoa erabiliko da. IV. gamako barazki eta ortuariak dira, hautatuak, moztuak, garbituak eta kontsumitzeko prest, inolako gehigarririk, kontserbatzailerik edo tratamendu termikorik gabe.
NAIAren lehenengo erreferentziak entsaladak, letxugak, eskarolak, espinakak eta zerbak izango dira; horiek merkaturatzen hasiak dira dagoeneko, eta apurka-apurka beste produktu batzuk gehitzen joango dira.
Banaketa estatu osoan egingo da espezializazio (kontsumitzaileri saltzea) eta food service (sukaldaritza kolektiboa) bideetatik eta, laster, retail katean ere sartzea aurreikusi dugu (banaketa handia).
Gaur egun, 8 pertsona ari dira lanean prozesatze eta ontziratze prozesuetarako instalazioetan, Mercabilbaon. Guztiek jaso dute IV gamako produkzio prozesuen inguruko prestakuntza, baita elikadura arloko higiene eta segurtasunaren ingurukoa ere.
Tokiko hornitzaile gisa, maiatzetik aurrera NAIAK bere ekoizpen ekologiko propioa hasiko du Lezamako nekazaritza ustiategi batean. Gainera, beste laborantza eta prozesu batzuetarako esperientzia pilotua izango da. Laborantza eta bilketa jarduera horretaz arduratuko den taldean 6 pertsona egongo dira, hasiera batean. Otsailean, lorezaintza eta nekazaritza arloko oinarrizko prestakuntza hasiko dute.
Ekimen hau abian jartzeko, Lantegi Batuak erakundeak lagun izan ditu AZTI Zentro Teknologikoa, produktuaren kalitate eta elikadura segurtasunaren inguruko aholkulari gisa; eta ENEEK, erakunde egiaztatzaile gisa.
Lantegi Batuak-ek 700.000 euroko inbertsio osoa egin du NAIA proiektua martxan jartzeko. Horretarako, Bizkaiko Foru Aldundia, BEAZ, Eusko Jaurlaritza eta BBK Fundazioaren laguntza izan du.