2020an, Lantegi Batuak erakundeak enpleguak mantentzea lortu zuen, eta gaur egun 3.144 pertsona dauden bertan lanean.
Lantegi Batuak erakundeak, jarduera mantentzeaz gain, 71,3 milioi euroko fakturazioa eta 150 bezero berri lortu zituen.
Lantegi Batuak-ek desgaitasuna duten 200 pertsona baino gehiago laneratu ditu Bizkaian, 2018tik 2020ra bitarteko aldi estrategikoan. Laneratze horiek bere zentro eta zerbitzuen sarean zein hirugarren enpresetan egin dira; azken kasu horretan, lagundutako enplegurako programaren bidez.
Pertsona horien guztien laneratzea bereziki garrantzitsua da, izan ere, enplegua lortzeko zailtasun gehiago dituzten pertsonak dira. Kolektibo horren langabezia-tasa % 16,5etik gorakoa da. Era berean, horrek argi uzten du Lantegi Batuak erakundeak balio sozial integratua eskaintzen duela, eta aspektu askotan daukala eragina (gizartea, langileak eta beren familiak, administrazioak, enpresa-sarea eta abar).
2020an, Lantegi Batuak erakundeak langile guztien enpleguak mantentzea lortu zuen, baina ez hori bakarrik; desgaitasuna duten pertsonentzako 21 lan aukera berri sortu zituen Bizkaiko hainbat enpresatan. Orotara, 2020ko abenduaren 31n, 3.144 pertsona zeuden Lantegi Batuak erakundearen barruan; horietatik % 82k desgaitasunen bat dute, eta gehienek laguntza beharrizan bereziak dituzte duten beren laneratze- eta gizarteratze-prozesuetarako.
Egokitu eta bezeroei erantzuna emateko urtea
2020a pandemiaren urtea izan da. Ohiko jarduera pertsonen segurtasun eta osasuna bermatzeko neurriekin uztartu behar izan da.
Lantegi Batuak nahiko arin egokitu zen bezeroen beharrizanetara, hasieratik, eta industria zerbitzuak ematen jarraitu zuen oinarrizko sektoreetako bezeroei hornikuntzak bermatzeko: energia, ekipamendu elektrikoetarako ondasunak, ekipamendu medikoak, norberaren babes edo segurtasunerako elementuak, elikaduraren sektorea, logistika, instalazio kritikoen mantentze-lana.
Lan-karga aldi baterako murriztu zitzaien lau industria zentroren kasuan, jardueraren parte bat berrantolatu zen eta Norberaren Babeserako Ekipoak egiten hasi ziren, Lantegi Batuak-en ohiko bezeroen eta beste berri batzuen beharrizanei erantzuteko.
Oinarrizko zerbitzuetako langileak
Era berean, erakunde publikoentzako eta oinarrizko zerbitzuak eskaintzen dituzten bezeroentzako garbiketa- eta lorezaintza-zerbitzua ematen jarraitu zuen, hala nola egoitzak, pertsona nagusientzako etxez etxeko janari-banaketa edota laguntza-produktuak eskaintzen dituzten erakundeentzako.
Horrela izanik, bereziki garrantzitsua izan da pertsona nagusien eta desgaitasuna duten pertsonen egoitzetan lan egiten dutenen egitekoa. Garrantzia bikoitza izan du beren lanak: Lantegi Batuak-en jarduera mantentzea eta egoera babesgabeenean egon diren kolektiboei arreta ematea.
Egokitzeko gaitasun eta malgutasun horri esker, ekonomia sozialeko erakunde honek 71,3 milioi euroko fakturazioa lortu zuen 2020an, aurreko ekitaldiaren oso antzekoa. Autofinantzaketa bolumena % 80koa izan zen. Urtean zehar zerbitzu eta multiteknologia eskaintza zabaltzen jarraitu zuen. Horri esker, 150 bezero berri lortu ziren.
On line prestakuntza eta digitalizazioaren aldeko apustua
Krisiaren hilabete kritikoenetan, Zerbitzu Okupazionala, prestakuntza ikastaroak eta orientazio eta hautaketa zerbitzua urrunetik eman ziren, neurri handi batean, on line plataformen bidez.
Aurrez aurreko Zerbitzu Okupazionala bertan behera geratu zenez, plataforma bat jarri zen martxan Lantegi Batuak-en webgunearen bidez, laguntza soziolaboral guztiak urrunetik ematen jarraitu ahal izateko.
Plataforma horien garapena aurrerapauso handia izaten ari da erakundearen digitalizazio prozesuan, eta kudeaketa eraginkorragoa izaten ari da, aurrez aurreko eta urruneko prestakuntzaren arteko eredu osagarri bati esker.
Testuinguru horretan, 2020an 30.880 ordu bideratu ziren langileen gaikuntzara. 2.044 pertsonak hartu zuten parte prestakuntza-jardueretan. Gainera, 76 pertsonak lortu zuten beren espezialitateari dagokion esperientzia profesionalaren errekonozimendua.
Bestalde, Lantegi Batuak-ek badauka enplegagarritasuna sustatzeko prestakuntza programa bat, Lan Eskola, eta horren barruan enplegura bideratutako oinarrizko prestakuntza profesionalerako zazpi ikastaro eman ziren; garbiketa, lorezaintza, administrazio zerbitzu, muntaketa elektriko, fabrikazio mekaniko edota ekipo elektriko eta elektronikoen mantentze-lanerako. Prestakuntza hori jaso dutenak desgaitasuna duten eta langabezian dauden pertsonak izan dira, batez ere.
Unibertsitate esparruarekin etengabe ari gara lankidetzan, eta, horren baitan, beka deialdi berriak abiatu ziren desgaitasuna duten pertsonentzat, EHU, Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea eta Errioxako Nazioarteko Unibertsitatearekin elkarlanean.
Plan Estrategiko berria
2021a Plan Estrategiko berriarekin hasi da. 2021-2023 aldirako dago pentsatua. Plan horren xede nagusia zera da: Lantegi Batuak erreferentziazko erakunde izatea bezeroei konponbide aurreratuak emateko gaitasunari dagokionez. Horretarako, teknologia, ekipamendu produktiboa eta lehiakortasuna hobetzeko inbertsioak egingo dira, beste batzuen artean.
Era berean, desgaitasuna duten pertsonak laneratzeko laguntza eta aukerak sortzea gure erakundearen oinarri nagusietako bat da, eta hala izaten jarraituko du. Horrela, Bizkaiaren kohesio sozialari eta iraunkortasunari ekarpena egiten jarraitu nahi dugu.