Pertsonen gaikuntza, garapen teknologikoa eta prozesuen egokitzapena, funtsezko alderdiak guztiak ere jarduera berreskuratu den urtean.
Gizarte-ekonomiako erakundeak 80,6 milioi euroko fakturazioa lortu zuen 2021ean.
2022ko martxoak 2.- Lantegi Batuakek normaltasuna pixkanaka berreskuratuz ekin zioten 2021-2023 aldi estrategikoari. Pandemiaren lehenbiziko urtea igaro ondoren, adimen-desgaitasuna duten pertsonei ematen zaizkien aurrez aurreko zerbitzuak eta laguntzak berreskuratu ziren 2021ean, eta, horrekin batera, hainbat teknologia eta zerbitzutako eskaintza indartu ziren, bezeroen eskaera gero eta zorrotzagoei erantzuteko.
Testuinguru konplexua gorabehera, Lantegi Batuakek enplegu-mailari eutsi zioten eta ohiko enplegurako trantsizioa erraztu zien desgaitasuna duten 27 pertsonari Bizkaiko 23 enpresatan. Guztira, 2021eko abenduaren 31an, 3.139 pertsonak osatzen zuten Lantegi Batuak, eta horietatik % 82k desgaitasuna zuten (1.740 gizon eta 831 emakume).
Aurreko ekitaldian, 80,6 milioi euroko fakturazioa lortu zuen, eta 220 milioi euroko Gizarte-balio Integratua sortu zuen. Gizarte-balio integratuak islatzen du Lantegi Batuakek zer inpaktu global sortu duen beren elkarreraginen xede diren interes-taldeetan. Hauek dira, batez ere: desgaitasuna duten pertsonak eta haien familiak, langileak, administrazio publikoak, bezeroak eta hornitzaileak, eta abar. Kontabilitate soziala aplikatuz kalkulatzen da gizartearentzat sortutako etekina, bai merkatuko jardueren bidez (bezeroei emandako zerbitzuak, lehiakortasuna hobetzea, hornitzaileetan trakzio-efektua, eta abar), bai erakundeak garatzen dituen eta diru-transakziorik islatzen ez duten baina interes-talde horiei balioa ematen dieten jarduera espezifikoen bidez (zaintza-ordu liberatuak, prestakuntza, mediku-gastuetan aurreztea, kotizazio gabeko pentsioak, besteak beste).
Inbertsio teknologikoa eta eraldaketa digitala
Erakundearen kudeaketa globala, gainera, eraldaketa digitalari emandako bultzadak markatu du azken bi urteetan, bai kudeaketa-sistemei dagokienez, bai desgaitasuna duten pertsonentzako laguntzekin loturik, guztia ere aurrez aurreko zein urruneko arreta-eredu bat ahalbidetzeko. Azken horrek, gainera, pertsonen gaitasun digitalak indartzeko balio izan du, batez ere teknologia berriak eskuratzeko zailtasun handienak dituztenekin pentsaturik.
Industriaren arloan, garapen teknologikoaren eta aurreko ekitaldietan egindako inbertsioen, eta, horretaz gainera, etengabeko hobekuntzako ereduaren bidez, Lantegi Batuek lortu dute erantzun eraginkorra eskaini ahal izatea bezeroen eskaera eta behar konplexuenei. Hori lortzeko, aurten ere funtsezkoa izan da, alde batetik, pertsonak hainbat jarduera garatzeko gaitzea, eta, bestetik, gaitasun horietara egokitzeko prozesuak moldatzea.
Zentro-sareko jarduerak portaera ona izan du 2021ean, bereziki ekipamendu elektrikoko ondasunen sektorerako neurrira egindako soluzioetan espezializatutako zentroetan, zeinetan elektronika, muntaketa elektromekanikoak, transformazio metalikoa, kable-sareak eta halako teknologiak biltzen baitira. Era berean, Iurretako 5.000 m2 baino gehiagoko zentro berriko zerbitzu logistikoen optimizazioari esker, jauzi kualitatiboa egin da hornidura-katean, eta malgutasun eta berehalakotasun handiagoa eskaini zaio askotariko 400 enpresak baino gehiagok osatutako bezero-sare bati (enpresa horien artean daude tokiko ETEak, baina baita nazioarteko konpainia handiak ere).
Zerbitzuen alorreko jarduera ere positiboa izan zen, eta berritze garrantzitsuak izan ziren egoitzetako garbiketa-zerbitzuetan (Birjinetxe edo Vitalitas-Sarriko) eta lorezaintzan (Mungia). Gaur egun, Lantegi Batuak Bizkaiko 40 udalerritan dago eta hainbat alorretako soluzioak eskaintzen dituzte, hala nola garbiketa, lorezaintza, dokumentu-kudeaketa edo mendekotasuna edo desgaitasuna duten pertsonentzat egokitutako soluzioak (etxeko otordu-zerbitzuak eta autonomia pertsonaleko produktuak, esaterako).
Prestakuntzaren aldeko apustua
Urtean 42.000 ordu baino gehiago eman ziren pertsonen trebakuntza hobetzeko, batez ere desgaitasuna duten pertsonengana zuzendurik. Horretaz gainera, goranzko joera erregistratu zen prestakuntza teknikoan eta informatikoan.
2021ean, akademia egokitua ere jarri zen martxan, eta, bertan, adimen urritasuna zuten 204 gizon eta emakume prestatu ziren Bizkaiko Foru Aldundiaren lan-eskaintza publiko berrirako. Izangaien profilari dagokionez, erabiltzaileak, langileak edo enplegu-eskatzaileak izan ziren, eta Lantegi Batuakek laguntza eskaini zien horiei guztiei beren garapen profesionalean aurrera egiten eta enplegu publikoa lortzen.
Unibertsitate-ingurunearekin lankidetzan, desgaitasuna duten ikasleentzako beken beste deialdi bat egin zen, Euskal Herriko Unibertsitatearekin, Deustuko Unibertsitatearekin, Mondragon Unibertsitatearekin eta Errioxako Nazioarteko Unibertsitatearekin lankidetzan.
2022rako ikuspegiak
2021-2023 aldirako ezarritako estrategiaren ildotik, Lantegi Batuakek enplegua mantentzearen, pertsonen garapen profesionalaren eta haien gaitasunen hobekuntzaren alde egiten jarraitzen du, eta lanean segitzen du talentua eta profil gazteak erakartzeko bidean ere.
Horretaz gainera, espezializazio-estrategiarekin eta bezeroei soluzio aurreratuak eskaintzeko estrategiarekin jarraitzen du, eta, ildo horretan, inbertsioak egiten ditu lehiakortasuna, teknologia eta produkzio-ekipamendua hobetzeko. Ildo horretan, nabarmentzekoa da Etxebarrin azpiegitura berri bat egiteko proiektua. Egitasmo horren xedea udalerrian dauden beste zentroetan garatzen den jarduera osatzea da, eta 2023an ipiniko da martxan.
- Lantegi Batuak irabazi asmorik gabeko erakundea da eta desgaitasuna duten pertsonentzako lan aukerak sortzen ditu. Gorabidek, adimen-desgaitasuna duten pertsonen alde lan egiten duen Bizkaiko erakundeak, sortutakoa da. Erakundeak 20 zentro dauzka eta zerbitzu sare zabala eskaintzen du Bizkaian. Zentro horietan, 3.100 pertsona baino gehiago aritzen dira, horietatik 2.600ek desgaitasunen bat dute. Bere ibilbidean zehar, erakundeak desgaitasuna duten 5.000 pertsona baino gehiagori lagundu die lana aurkitzen.
- Lantegi Batuakek 1.000 bezerotik gora ditu industria arloko outsorcing eta facility services delakoetan. Kudeaketaren oinarriak pertsonengan zentratutako balioak, iraunkortasuna, berrikuntza, ekintzailetza eta bikaintasuna dira, bai bezeroenganako zerbitzuetan, baita pertsonei babesa emateko zerbitzuetan ere. Kalitate ziurtagiriak ditu, hala nola Kudeaketaren Bikaintasun arloko Urrezko A, ISO 9001 (kalitatea), UNE 19601 (compliance penal), IATF 16949 (automozioa), ISO 45001 (segurtasuna eta laneko osasuna), ISO 14001 (ingurumen zerbitzuak), eta Aukera Berdintasuna (Emakunde), beste batzuen artean.