- Bizkaiko Foru Aldundiak 825 lanpostu finantzatzen ditu Lantegi Batuakek kudeatzen dituen zentro okupazionaletan. Ia 6 milioi euro inbertituko dira lanpostu horiek ekitaldi honetan mantentzeko.
- Sestaon beste zentro bat irekita, Lantegi Batuakek bere jarduna indartuko du Ezkerraldean. 4,3 milioi euro inbertituta, haietatik milioi erdia Bizkaiko Foru Aldundiak jarria, tailer berriak 100 lanpostu baino gehiago eskainiko ditu desgaitasunen bat duten pertsonentzat.
- 140.000 euroko inbertsioarekin, 2016an Bizkaiak lanean jarraitzen du desgaitasunen bat dutenen zahartze aktiboaren alde.
Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak Lantegi Batuakek Getxon dituen instalazioak bisitatu ditu. Lantegi Batuaken sustatzailea, Gorabide, adimen-desgaitasunen bat dutenen alde diharduen Bizkaiko elkarte bat da. Bizkaiko Foru Aldundiak, Gizarte Ekintzako Sailaren bitartez, adimen-desgaitasuna duten pertsonen egoera aktiboa sustatu nahi du, beste bide bat baita egoera horretan egon eta heziketa-aldia bukatua dutenen gizarteratzea lortzeko. Asmo horrekin, aurten, 2016an, Aldundiak 9 milioi euro inguru bideratuko ditu Zerbitzu Okupazionaleko lanpostuak kudeatzen dituzten irabazi-asmorik gabeko zenbait erakundetara. Jarduera okupazionalak gizarte-arloan esku hartzeko tresna bat dira, eta lana, bide bat bestelako gaitasun-maila dutenak ere gizarteratu daitezen. Ildo horretatik, duela gutxi Foru Erakundeak berritu egin du 1986az geroztik Lantegi Batuakekin indarrean daukan lankidetza-hitzarmen bat, adimen-desgaitasuna dutenei Zerbitzu Okupazionaletarako aukera emateko zuzendua. Foru-eskumeneko gizarte-zerbitzu honek eskaintzen dituen 1.296 lanpostu okupazionaletatik, 825 Lantegi Batuakek kudeatzen ditu, eta haietarako inbertsioa 5.788.420 eurokoa izango da. 30 urteko lankidetzaz ari gara, hartara.
Beste zentro okupazional bat Sestaon
Bizkaiko Foru Aldundiak eta gizarte-ekonomiako erakundeak ahaleginetan jarraitzen dute Ezkerraldeko adimen-desgaitasundunek lanerako aukera gehiago izan ditzaten. Lantegi Batuakek beste zentro okupazional bat gehituko dio Sestaon gaur egun dagoenari. Zentro berria udalerriko Sestao Bai industrialdean kokatuko da, eta zerbitzua emango die desgaitasuna duten 100 pertsonari, Ezkerraldean horrelako egituren eskariak izan duen hazkuntzari eusteko. Langileek, zirkuitu elektronikoak fabrikatzeaz gain, azken buruko multzo eta azpimultzo elektrikoen muntaketan jardungo dute.
Instalazioetan, bestalde, Enplegu Zentro Berezi bat eta Zerbitzu Okupazional bat ere izango dira, bigarren hori erabiltzaileen garapena errazteko eta haien beregaintasun eta erabakimen pertsonalak sustatzeko, balorazio eta baliagarritasun sozial handiagoa eskuratzen duten neurrian hobea baita haien bizi-kalitatea ere. Lanpostuak Gizarte Ekintzako Foru Sailarekiko hitzarmen baten fruitu izango dira.
Proiektu osorako inbertsioa ia 4,3 milioi eurora iritsiko da, lurzatia, azpiegiturak, instalazioak eta ekipamenduak barne, eta Bizkaiko Foru Aldundiak 500.000 €-ko laguntza finantzarioa jarri du gauzatu egin dadin. Aurten ekin zaie instalazioak eraikitzeko lanei, 2.300 metro karratu baino gehiagoko lurzati batean, eta ekoizpen-jarduera 2017an hastea espero da.
Desgaitasuna dutenen zahartze aktiboa lan-alorrean
Aurrekoaz gain, Bizkaiko Foru Aldundiak lanean jarraituko du desgaitasunen bat duten pertsonen zahartze aktiboa lan-alorrean ere bultzatzeko. Adimen-desgaitasuna dutenen bizi-itxaropenak gora egin du azken urteetan. Gaur egun Lantegi Batuaken diharduten adimen-desgaitasundunetatik, % 61ek 40 urte baino gehiago dituzte. Gehienetan, pertsona horien lehen zahartze-sintomak 50 urteko adinarekin agertzen dira, baina gerta daiteke gazteagotan direlarik ere narriadura-seinaleak igartzea, eta, horregatik, beharrezkoa izaten da aurretiaz zeharkako neurriak hartzea.
Horren jakitun, 2006az geroztik Lantegi Batuakek zenbait ikerketa egin ditu erakundean diharduten adimen-desgaitasundunen zahartzeaz, eta martxan dauka proiektu bat pertsona horien zahartze aktiboa eta enplegu-egokitzapena errazteko, Bizkaiko Foru Aldundiak 140.000 eurorekin lagundua 2016an. Programa horren bidez, Gizarte Ekintzako Sailak lanean jarraitzeko aukera eman nahi die adimen-desgaitasuna izanik zahartze- edo narriatze-sintoma goiztiarrak agertu zaizkien edo beste arrazoiren bat dela-eta laguntza-behar handiagoak dituzten pertsonei, haiek lan-egoera aktiboan jarraitu nahi baldin badute. Kasu horietan, behar diren baldintzak eta laguntzak ziurtatzen zaizkie beren asmoa bete ahal izan dezaten. Une honetan 800 pertsona eta 40 profesional inguruk hartzen dute parte proiektuan, Lantegi Batuakek dituen zentro okupazionaletako bostetan.