Prentsa

Aretoa

Ez baduzu behar duzun informazioa aurkitzen, komunikazio sailarekin kontaktuan jar zaitezke: 94 453 59 99 | comunicacion@lantegibatuak.eus
Mar 18

Dokudeak eta Lantegi Batuak-en getxoko zentroak urrian zabalduko dituzte ateak

Dokudeak 40 lanpostu sortuko ditu teknologia berrien eta administrazio digitalaren arloan; horietatik 30 urritasunen bat duten pertsonentzat izango dira.

  • Zerbitzu okupazionalean, adimen urritasuna duten 100 lagun arituko dira, Uribe Kosta eskualdean egun dagoen eskaerari aurre egiteko.
  • Proiektuak Getxoko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Departamentuaren eta BBKren laguntza jaso du.

Getxo, 2011ko martxoaren 18a – Lantegi Batuak-ek -Bizkaian urritasunen bat duten pertsonei lan-aukerak sortzea helburu duen irabazi asmorik gabeko erakunde pribatuak- dokumentuen kudeaketa- bikaintasunerako Zentroa inauguratuko du datorren urrian; horrela, dokumentuak kudeatzeko balio erantsidun konponbideak eskainiko zaizkie enpresei nahiz erakundeei.

Dokudeak [www.dokudea.com] (http://www.dokudea.com/) sektoreko erreferentzia teknologikoa bihurtu nahi du eta gaur egun Lantegi Batuak-ek ematen dituen dokumentu-kudeaketarako zerbitzuak bateratuko ditu –digitalizazioa eta artxiboen kudeaketa, dokumentuen suntsiketa konfidentziala egiteko prozesuak barne-; horrez gain, beste zerbitzu osagarri batzuk emango ditu, betiere zerbitzu berritzaileak eta teknologia berriei eta administrazio digitalari lotutakoak. Zentro horrek 40 lanpostu sortuko ditu, horietako 30 urritasunen bat duten pertsonentzat.

Getxoko instalazio berriaren bidez, Lantegi Batuak-ek neurrira egindako zerbitzu profesionala eskainiko die enpresa eta instituzioei. Zerbitzu horrek honakoak hartzen ditu barne: aholkularitza, online euskarri informatikoa, dokumentazio-bilketa, digitalizazioa eta agiri konfidentzialak zaindu eta suntsitzea, modu ekologikoan eta ziurtagiri bidez. Prozesu guztia kontrol zorrotzen bidez egingo da, balio erantsia emanez eta erabateko segurtasunarekin.

Lantegi Batuak zentro berria

Instalazio berriak Getxoko Udalak lagatako lursail batean daude, Andra Mari auzoan, Gabriel Ramos Uranga kalean, eta 4.600 metro koadroko azalera dute. Ingurumen-irizpideen arabera egindako eraikina da eta hiru solairu ditu; zati bat lurpean sartuta dago, begi-inpaktua gutxitzeko, eta altuerari dagokionez, ez da inguruko eraikinen artean gailentzen.

Proiektu osoak, dokumentuen kudeaketarako Dokudea zentroaz gain, Lantegi Batuak-en Zentro berri bat hartzen du barne; guztira, 5 milioi euroko inbertsioa egin da eta Bizkaiko Foru Aldundiaren (1.400.000 Euro) eta BBK-ko Gizarte Ekintzaren (1.000.000 Euro) laguntza finantzarioa izan du.

Lantegi Batuak-en Getxoko instalazio berrietan Zerbitzu Okupazional bat ere egongo da, Bizkaiko Foru Aldundiaren Gizarte Ekintzarekin hitzartua, eta adimen urritasuna duten 100 pertsona hartuko ditu, Uribe Kostan dagoen gizarte-eskaerari erantzuteko.

Zerbitzu okupazionala honela definituko genuke: urritasunen bat dutenek gizarte-bizitzan parte hartzeko jarduera eta baliabide multzo bat, garapen pertsonalerako programen bitartez bideratua, betiere lan- gizarte- eta prestakuntza/hezkuntza-jardueren inguruan. Zentroaren helburua da erabiltzaileen garapena erraztea, autonomia pertsonala, auto-determinazioa eta balorazio nahiz funtzionaltasun sozial handiagoa sustatuz, bizi-kalitate hobea izan dezaten.

Zehazki, Getxoko zentroak honako jarduerak hartuko ditu barne: dokumentuen kudeaketa, kudeaketa elektronikoa, kableatuak, packaging-a eta eragiketa logistikoak; horrez gain, espazio berri bat izango du, adimen urritasuna dutenek herri-bizitzan parte-hartze handiagoa izan dezaten.

Lantegi Batuak Bizkaian

Lantegi Batuak irabazi asmorik gabeko erakundea da, eta bertan, urritasuna duten 2.300 pertsona baino gehiagok egiten dute lan. Horietatik %70ek adimen urritasuna dute, %25ek urritasun fisikoa edo zentzumenezkoa, eta %5ek buruko gaixotasunen bat.

Lantegi Batuak-ek (www.lantegi.com) 20 lantoki ditu, Bizkaian zehar diharduten hainbat zerbitzu-brigada eta urritasuna duten pertsonak enpresa arruntetan txertatzeko programa bat [www.lanerako.com] (http://www.lanerako.com/).

Gaur egun, gizarte-ekonomiako enpresa honek sektore publikoko nahiz pribatuko 1.000 enpresa inguru ditu bere bezero-zorroan, eta hainbat jarduera egiten ditu industria-esternalizazioan eta zerbitzu osagarrietan, betiere dibertsifikazioan, berrikuntzan eta erantzukizunean oinarrituta, eta hainbat erakunde (Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Udalak) eta gizarte-eragilerekin elkarlanean. Horrela, krisi ekonomikoa eta enplegu-suntsiketa orokorra izan arren, Lantegi Batuak gai izan da urritasuna duten pertsonentzako 420 lan-aukera berri sortzeko, azken 5 urteetan.

Lantegi Batuak-ek pertsonengan, iraunkortasunean eta bikaintasunaren bilaketan zentraturiko balioetan oinarritzen du bere kudeaketa, bai bezeroentzako zerbitzuetan, bai pertsonen arretan. Hainbat kalitate-ziurtagiri jaso izan ditu; esaterako, Kudeaketa Bikaintasunaren Zilarrezko Q, ISO 9000 (kalitatea), OSHAS 18000 (laneko segurtasuna eta osasuna), ISO TS 16949 (automozioa), eta Aukera Berdintasuna (Emakunde).

Lan-aukerak sortzeko ahaleginean, Lantegi Batuak-en zerbitzu-eskaintza zabalduz joan da urtetik urtera, Bizkaiko enpresa-sarea osatzen duten sektore ezberdinetara egokituta:

  • Industria Esternalizazioa: mekanizazioa, galdaragintza, soldadura, muntaketa elektrikoak, elektronika eta ekoizpen nahiz logistika zerbitzuen teknologiak garatuz, eta eskakizun handiko sektoreetara bideratuta: ekipamendu elektrikoak, automozioa, kontsumo handia, energia berriztagarriak edo etxetresna elektrikoak.
  • Zerbitzu osagarriak: ingurumen arloko zerbitzuak emanez (lorezaintza eta garbiketa), hiri-altzarien mantentze-lana, logistika dedikatua (Enklabeak), vending, gasolindegien kudeaketa (Repsol/Petronor), autonomia pertsonalerako lagungarri teknikoen alokairua (Laguntek), adineko pertsonentzako etxez etxeko janari-zerbitzua (Etxejan), garden center (Lorelan) edo turismoa (BBKBilbaoGoodHostel)
  • Komunikazio banaketa eta dokumentuen kudeaketa: posta-operadore independente gisa esku hartuz zuzeneko marketin jardueretan (Gupost), inprimaketa, publizitate-banaketa eta geomarketinga (Egunon), digitalizazioa eta dokumentuen kudeaketa (Dokudea) eta dokumentuen suntsiketa konfidentziala (Hondata).
Pribatutasun politika Cookien politika