ELKARGI SGR eta Lantegi Batuak enpresek lankidetzarako esparru-akordioa aurkeztu dute gaur, Bilbon. ETE eta pertsona ekintzaileei proiektu berritzaileak garatzen laguntzeko akordioa da, martxan jarri eta finantza arloari dagokionez.
Horrela, erakunde biek edukiko dute aukera merkatuko proiektu berritzaile eta potentzial handikoak identifikatzeko, horiek martxan jarri eta arrakasta lor dezaten elkarrekin lan eginez.
Elkargi finantza-aholkularitzaz eta aholkularitza espezializatuaz arduratuko da, hautatutako ETE edo proiektu bakoitzerako tutoretza edo mentoring prozesua barne. Bere aldetik, Lantegi Batuak-ek honakoak jarriko ditu: industria eta zerbitzu arloko esperientzia, gaitasun teknikoa eta produkziorako zentro-sare zabala, kudeaketa logistikoa eta produktuen merkaturatzea. Produkzio-fase horretan, industria-zorroa zabaldu eta urritasuna duten Bizkaiko pertsonentzako lan-aukera gehiago sortzeko aukera izango du.
Erreferente diren bi erakunde horien arteko aliantzak –Elkargi elkarrekiko berme sozietate bat da, Estatu mailako lehena; eta Lantegi Batuak gizarte ekonomikoa arloko Europako erakunde nagusietako bat- Bizkaiko enpresa-sarean proiektu berritzaileak garatzeko bultzada eman nahi du.
Lantegi Batuak-eko Zuzendaria den Txema Francoren ustez, “Elkargirekin sinatutako lankidetza-hitzarmena bultzada handia izango da Lantegi Batuak-en aspalditik lantzen ari garen jarduera-ildoarentzat: Proiektu berritzaileak eta negozio-ideia berriak sustatu nahi dituzten pertsona ekintzaile, eragile edota enpresa helduekin lankidetzan aritzea. Bi motibazio nagusi ematen dizkigu erronka horrek: batetik, gure inguruko ETEak babestea; eta bestetik, urritasuna duten Bizkaiko pertsonentzako lan-aukera berriak sortzea.”
Elkargi SGR erakundeko Zuzendari Nagusia den Marco Pinedaren esanetan, “Lantegi Batuak eragile garrantzitsua da Bizkaiko enpresa-sarean, eta berarekin aliantza bat izateak ekintzailetza-ekosistema sendotuko du eta Elkargiren helburuekin bat dator: bezeroarenganako orientazioa, dinamismoa eta berrikuntza. Horrela, lankidetza eta elkar ezagutzeko gogoa oinarri hartuta, negozio-ideia eta proiektu berritzaile eta bideragarriek argia ikusiko dute. Finantza arloko berrikuntza Bizkaiko produkzio-sarearen zerbitzura jarriko dugu, kasu honetan, Lantegi Batuak-ek ordezkatua.”
Euraslog, lehenengo kasu arrakastatsua
Elkargi eta Lantegi Batuak-en arteko akordioak fruituak eman ditu dagoeneko Euraslog enpresan. Izan ere, autobus eta anbulantzietarako haurrentzako euste-sistema bat patentatu eta homologatu du, eta merkaturatzen hasi da, Europan. Produktu berritzaile horiei Kidy Bus Harness eta Kidy Safe izena eman diete. Lantegi Batuak-en Etxebarriko zentroan fabrikatzen hasi dira eta Elkargiren finantza arloko babesa dute.
Kidy Bus Harness proiektuak Línea Directa Fundazioak ematen duen Ekintzailetza eta Bideko Segurtasun arloko I. Saria jaso zuen 2015ean, beste errekonozimendu batzuen artean. Era berean, enpresak merkaturatze-akordio bat sinatu du Global Passenger Network-ekin, errepide bidezko bidaiari-garraioko munduko talderik handiena, 30 herrialdetan dagoena.
Gaur egun Euraslog erakundeak produktuaren 2.000 ale inguru egiten ditu urtean Lantegi Batuak-en instalazioetan, eta aurreikuspena kopuru hori zortzi aldiz handiagoa izatea da. Produkzioaren %70 inguru kanpo-merkatura bideratuko da eta batez ere Europako iparraldeko herrialdeen eskaerari erantzungo dio.