Lantegi Batuak-ek 30 urte bete ditu eta esker ona adieraziko die azken hiru hamarkadetan Bizkaian urritasuna duten pertsonen laneratzearekiko konpromisoa erakutsi duten enpresa eta udalei.
Lantegi Batuak-eko langileen eskutik aitorpen hori jasoko duten Enpresak hauek dira: Velatia-Grupo Ormazabal, Arteche Group, Mesa-Schneider Electric, Vicrila, Rothenberger, Cikautxo S.Coop., Pronutec-Gorlan Team, ZIV, Eika S.Coop., Legrand Group España eta Salica-Campos.
Bestalde, Erakundeen artean hauek egongo dira: Bizkaiko Foru Aldundiko IFAS, UPV/EHU, Metro Bilbao, Kutxabank eta Ermua, Zornotza, Mungia, Durango, Zalla, Derio eta Getxoko Udalak.
Bere ibilbidean zehar, Lantegi Batuak-ek lan aukerak sortu ditu Bizkaian urritasuna duten 5.000 pertsona baino gehiagorentzat eta 220 pertsonari lagundu die beste enpresa batzuetan lana lortzen.
Lantegi Batuak-ek 2.600 pertsona baino gehiagori ematen die lana, eta horietatik 2.400ek urritasunen bat dute. %70ek adimen-urritasuna dute; %25ek, urritasun fisikoa edo zentzumenekoa; eta gainerako %5ek, buruko nahasmendua.
Horrela, abian den 30 urte hauetan, Lantegi Batuak eraldaketa sozialerako tresna bihurtu da, eta ekintzailetzaz eta berrikuntzaz baliatzen da urritasuna duten pertsonak gizarteratzeko, lanaren bitartez parte-hartze soziala bultzatuz.
Lantegi Batuak-ek pertsonengan, iraunkortasunean eta bikaintasunaren bilaketan zentraturiko balioetan oinarritzen du bere kudeaketa, bai bezeroentzako zerbitzuetan, bai pertsonenganako arretan. Hainbat kalitate-ziurtagiri jaso ditu; esaterako, Kudeaketa Bikaintasunaren Zilarrezko Q, ISO 9000 (kalitatea), OSHAS 18000 (laneko segurtasuna eta osasuna), ISO 14000 (ingurumen arloko zerbitzuak), ISO TS 16949 (automozioa), eta Aukera Berdintasuna (Emakunde).
Lan-aukerak sortzeko ahaleginean, Lantegi Batuak-en zerbitzu-eskaintza zabalduz joan da urtetik urtera, Bizkaiko enpresa-sarea osatzen duten sektore ezberdinetara egokituta:
Industria Esternalizazioa: mekanizazioa, galdaragintza, soldadura, muntaketa elektrikoak, elektronika eta ekoizpen nahiz logistika zerbitzuen teknologiak garatuz, eta eskakizun handiko sektoreetara bideratuta: ekipamendu elektrikoak, automozioa, kontsumo handia, energia berriztagarriak edo etxetresna elektrikoak.
Zerbitzu osagarriak: ingurumen arloko zerbitzuak (lorezaintza eta garbiketa), hiri-altzarien mantentze-lana, logistika dedikatua (Enklabeak), vending, hornitegien kudeaketa, ibilgailuen garbiketa ekologikoa, autonomia pertsonalerako lagungarri teknikoen alokairua (Laguntek), adineko pertsonentzako etxez etxeko janari-zerbitzua (Etxejan), edo turismoa (BBKBilbaoGoodHostel).
Komunikazio banaketa eta dokumentuen kudeaketa: posta-operadore independente gisa esku hartuz zuzeneko marketin jardueretan (Gupost), inprimaketa, publizitate-banaketa eta geomarketina (Egunon), digitalizazioa eta dokumentuen kudeaketa (Dokudea) eta dokumentuen suntsiketa konfidentziala (Hondata).