Instalazio berri horiek, Lantegi Batuak osatzen duten sare osoko handienak eta modernoak bilakatu dira; bertan, urritasunen bat duten 76 lagunek jarduera desberdinak gauzatzen dituzte.
Lantegi Batuak irabazi asmorik gabeko Fundazio pribatua da, Bizkaian lanerako zentro bereziak nahiz okupazio zentroak kudeatu, koordinatu eta sortzeaz arduratzen dena. Fundazio horrek instalazio berriak inauguratu zituen, ostiralean, Zallan; eta guztira 4 milioi euro inbertitu dira. Inaugurazio ekitaldian Bizkaiko Ahaldun Nagusi José Luis Bilbao jaunak eta Zallako Alkate Leandro Capetillo jaunak hartu zuten parte.
Inbertsio honekin, eta Zallako Udalaren ordainezinezko laguntzari esker, urritasunen bat duten pertsonen laneko gizarteratzean erreferentzia puntu garrantzitsua bilakatu da udalerri hori; izan ere, udalak gizarte arloan apustu garrantzitsua egin du, lorezaintza eta industria bezalako jardueretan baterako proiektuak garatuz.
Lantegi Batuak-ek bi zentro desberdin ditu Zallan: muntaketa industrialean jarduten duen tailerra eta Lorezaintza Zentroa / Garden Center Lorelan; horrela, fundazioaren jarduera-eremu nagusi biak (industria eta zerbitzuak) uztartzea lortu da Enkarterrietan.
Muntaketa tailerra honako jardueretan espezializatu da: kontsumorako produktuak muntatzea eta ontziratzea; manipulazio eta erretraktilazio zerbitzua; multzoak eta azpimultzoak muntatzea, paketatzea, etiketatzea, kitak, eta manufakturak eta amaierako bigarren operazioak. Urritasunen bat duten 76 lagunek (horietatik %80ak adimen urritasuna du) dihardute bertan lanean, zentro berezi batean (35 lagun) eta okupazio zentro batean (41) banatuta. Tailer honetako bezeroen artean izen handiko enpresak daude, hala nola, Vicrila, Medop, Thyssen-Krupp, ITP edoo Smurfit.
Garden Center Lorelan, bestalde, landare eta lorezaintzako osagarrien zuzeneko salmentan espezializatu da; horrez gain, mantentze zerbitzua ere ematen du. Zentro horretan, urritasuna duten 6 lagunek dihardute lanean; eta horiek oinarri hartuta, lorezaintzako mantentze zerbitzua ematen zaio Zallako Udalari.
Aipatu obrak, Udalak utzitako 18.600 metro koadroko partzela batean burutu dira. Horrela, bada, muntatze tailerra nabarmen handitzeaz gain (600 m2 izatetik 3.000 m2 izatera pasatu da guztira) oso-osorik berriztatu da. Garden Center lorezaintza zentroari dagokionez, honakoa egin dira: zentroa modernizatu eta eremu desberdinetan banatu, eta aireztatze, berogailu eta iluntze sistema berriak gehitu dira; horrez gain, laborantza nutritiborako beharrezkoak diren elementuak ere ezarri dira (labore mahaiak, fertirrigazio unitatea, ureztatze sistemak, etab.)
Arestian aipatutako 4 milioi euroko inbertsioa Lantegi Batuak berak finantzatu du %90ean. Gainerako ekarpena, honakoek egin dute: EIN, Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Saila eta BBKren Gizartekintza.
Lantegi Batuak fundazioaren egituran urritasuna duten 2.026 pertsona daude jadanik. Horietatik 775 lagunek okupazio zentroetan dihardute eta 1.251ek, berriz, enplegu zentro berezietan. 2006an, urritasuna duten lagunentzako 87 enplegu sortu zituen Bizkaian; bai eta okupazio zentroetarako 25 plaza berri ere. Horrez gain, urritasuna duten 38 pertsona enpresa arruntetan hasi ziren lanean.
Lantegi Batuaken zentroak Bilbon (3), Etxebarrin (3), Loiun (2), Zorrotzan, Basaurin, Derion, Sestaon, Zallan, Erandion, Markinan, Amorebietan, Gernikan eta Abadiñon. Horiei esker, industria sektoreko 500 bezero baino gehiagori ematen zaie zerbitzua, besteak beste, industria eta zerbitzu laguntzaileetan aritzen diren honako sektoreetako enpresei: mekanizatuak, elektronika edota muntaia, dokumentu kudeaketa, publizitatea edota digitalizazioa. Horrez gain, zentroetatik kanpo, Lantegi Batuak Fundazioak lorazaintza, garbiketa, gasolindegietako langile, enklabe eta abarreko kanpo zerbitzuak dauzka.