Lantegi Batuak-ek Bilbon aurkeztu dute, gaur, Bizkaian okupazio arloan eta enpleguan ari diren pertsona urrituen zahartzeak eta narriatzeak dakartzan arazoei buruzko ikerketa; azterlan horrek Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Sailaren laguntza izan du eta BBKren I+G+b Sozialari laguntzeko programaren bidez finantzatu da.
Ikerketa horren helburua da ekintza berriak diseinatzea, adimen-urriko pertsonek parte hartzeko aukera gehiago eta kalitate eta autonomia handiagoa izan dezaten, eta lanpostua galdu ez dezaten; horretarako, laguntza-tresnak sustatuko dira, lanpostuak egokitu, eta lan-bazterketari aurre egingo zaio.
Normalean, adimen-urritasuna duten pertsonak 50 urtetik aurrera hasten dira zahartze-sintomak igartzen; baina gazteagotan ere agertu daitezke narriatze-sintomak, eta, horregatik, zeharkako neurriak hartu behar izaten dira aldez aurretik. Zentzu horretan, adimen-urritasuna duten 40 urtetik gorako pertsonen portzentajea %20 gehitu da azken 5 urteetan Bizkaian. Epe ertainera eta epe luzera egoera horiek areagotzeko joera nabari da, pertsonak adinean aurrera doazen heinean.
Testuinguru horretan, Lantegi Batuek honako apustua egiten dute: zahartzen edo narriatzen doazen pertsonek, edo beste edozein arrazoirengatik laguntza premia gehiago dutenek, Lantegi Batuetan lanean jarraitu ahal izatea, hala erabakitzen badute, horretarako behar diren baldintza eta laguntza-mota guztiekin.
Ikuspegi horretatik, enplegua, okupazioa eta laguntzak antolatzeko sistema berri bat eratu behar da, eskumena duten administrazio guztiekin batera, zahartzen edo narriatzen doazen adimen urriko pertsonei erantzun eraginkorra eta ez-baztertzailea eman ahal izateko. Erakundeen arteko baterako lana eta Bizkaiko Foru Aldundiak hurrengo urteetarako aurreikusita daukan Urritasunari buruzko Plana zabaltzea erabakigarriak izango dira irtenbide berri horiek lantzeko. Bestalde, Lantegi Batuen baitan kontuan hartu da laguntza-neurri gehigarri gehiago eta anitzagoak eskaini beharko direla, premia horien arabera.
Lantegi Batuak irabazi asmorik gabeko erakundea da, eta 1.000 enpresa eta erakunde baino gehiago ditu bere bezeroen artean. Lan-erakunde honek 2.500 pertsona baino gehiagori ematen die lana, bere 20 zentroetan eta zerbitzu-sare zabalean. Horietatik 2.300ek urritasunen bat dute. %70ek adimen urritasuna dute, %25ek urritasun fisikoa edo zentzumenekoa eta gainerako %5ek nahaste mentala.
Horrela, abian den ia 30 urte hauetan, Lantegi Batuak eraldaketa sozialerako tresna bihurtu da, eta ekintzailetzaz eta berrikuntzaz baliatzen da urritasuna duten pertsonak gizarteratzeko, lanaren bitartez parte-hartze soziala bultzatuz.