Prentsa

Aretoa

Ez baduzu behar duzun informazioa aurkitzen, komunikazio sailarekin kontaktuan jar zaitezke: 94 453 59 99 | comunicacion@lantegibatuak.eus
Jul 20

Lantegi Batuak-ek euskal encounter-ean parte hartu du, “erronka solidarioa” izeneko espazioaren bidez

17 ordenagailuz osaturiko zirkuitu baten bidez, ezintasunen bat duten pertsonek teknologia berriak erabiltzeko unean dituzten oztopoak kentzearen alde egin nahi da.

2007ko uztailaren 20a – Lantegi Batuak irabazi asmorik gabeko Fundazio pribatua da, Bizkaian lanerako zentro bereziak nahiz okupazio zentroak kudeatu, koordinatu eta sortzeaz arduratzen dena; eta Euskal Encounter delakoaren 15. Edizioan parte hartu du. Gaur BECen hasiko den topaketa ezagun horretan 6.000 informatika zaletik gora batuko dira, elkarren artean ezagutzak trukatu eta jarduera, lehiaketa nahiz jolas desberdinetan parte hartzeko. Horretarako, 4.000 ordenagailutik gora jarriko dira sarean.

Zehatzago, Lantegi Batuak-ek“Erronka Solidarioa” izeneko espazioan hartuko du parte, ELHABEren (Euskal Herriko Lan Babestuaren Elkartea) kide moduan. Zirkuitu hori 17 ordenagailuz osatuta egongo da eta bertan, ezintasunen bat dutenek ohiko ordenagailu baten aurrean aurki ditzaketen oztopoak zeintzuk diren ezagutzeko simulazio programa bat erabili ahal izango da. Monitore bakoitzak, gainditu beharreko oztopo desberdinak proposatuko ditu, ezintasun mailaren arabera, hau da, ezintasun fisikoa, ikusmenezkoa, kognitiboa, entzumenezkoa edota mugimenduzkoa.

Ekimen honekin, Lantegi Batuak-ek ezintasunen bat duten pertsonek erabiltzeko moduko programez hornituriko ordenagailuen erabilera sustatzeko beharrizanaz kontzientziatu nahi du; modu horretara, egun arlo horretan dauden gabeziak ezabatuz eta teknologia berrien erabilera guztion gozamenerako hedatuz.

Lantegi Batuak-en egituran urritasuna duten 1.996 pertsona daude jadanik. Horietatik 775 lagunek okupazio zentroetan dihardute eta 1.221ek, berriz, lan zentro berezietan. Gaurko egunez, eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin lankidetzari esker, ez dago adimen urritasuna duen pertsonarik gure zentroetakoren batean sartzeko zain. Itxaron zerrenda zerora murriztu dugu.

Lantegi Batuak-en zentroak Bilbon (3), Etxebarrin (2), Loiun (2), Zorrotzan, Basaurin, Derion, Sestaon, Zallan, Erandion, Markinan, Zornotzan, Gernikan eta Abadiñon daude. Horiei esker, industria sektoreko 400 bezero baino gehiagori ematen zaie zerbitzua, besteak beste, industria eta zerbitzu laguntzaileetan aritzen diren honako sektoreetako enpresei: mekanizatuak, elektronika edota muntaia, dokumentu kudeaketa, publizitatea edota digitalizazioa. Horrez gain, zentroetatik kanpo, Lantegi Batuak-ek lorezaintza, garbiketa, gasolindegietako langile, enklabe eta abarreko kanpo zerbitzuak dauzka.

Pribatutasun politika Cookien politika