Desgaitasuna duten 100 pertsonarentzako lan aukerak sortuko ditu Ezkerraldean, eta elektronika arloko prestakuntza zentro profesionala ere izango du, BBK Sestao Elektronika.
Lantegi Batuakek Sestaoko zentro berria inauguratu du gaur, Sestao Bai industrialdean. Batez ere, ekipamendu elektrikoen ondasunen mihiztadura, kableatua eta zirkuitu elektrikoen fabrikazioa izango dira egiteko nagusiak. Energia sektoreko balio-kate osoko produktu eta konponbideak; sorkuntza, kontrola, banaketa elektrikoa, energia berriztagarrietarako ekipamendua -eolikoa eta fotovoltaikoa- eta sare adimendunak.
Zentro berrian egindako inbertsio osoa, lurzoruaren erosketa, eraikuntza eta ekipamendua barne, 4 milioi eurotik gorakoa da.
Proiektuak hainbat diru-laguntza jaso ditu: batetik, Bizkaiko Foru Aldundiarena, gizarte azpiegituretarako inbertsioaren bidez (500.000€); bestetik, Eusko Jaurlaritzak produkzio ekipamendurako laguntza eman du (200.000 €); azkenik, Sestaoko Udalak gizarte ekipamendurako ekarpena egin du (20.000 €).
Instalazio berriei esker, Lantegi Batuak enpresak ekipamendu elektrikoen ondasun sektorerako neurrirako konponbideen aukera zabala sendotuko da. Izan ere, sektore horretan zerbitzua ematen du, elektronika, muntaketa elektromekaniko, eraldaketa metaliko, kableatu eta konponbide logistikoak landuz.
Honako enpresei eskaintzen zaizkie teknologia anitzeko konponbideak, beste batzuen artean: Ormazabal (Velatia Taldea), Arteche Taldea (Schneider Electric Group), Pronutec (GorlanTeam), Ingeteam eta ZIV (CromptonGreaves CG Group). Enpresa horiek, era berean, Iberdrolaren eta beste energia konpainia batzuen lehen mailako hornitzaileak dira.
Sestaoko zentro berriak desgaitasuna duten Ezkerraldeko 100 pertsonentzako lan aukerak sortuko dituela aurreikusi da. Gaur egun, 80 pertsona ari dira zentroan lanean. % 82k adimen desgaitasuna, desgaitasun fisikoa edo buruko gaixotasuna dute. Orokorrean, Lantegi Batuakeko zentro-sareak adimen desgaitasuna duten bostehun pertsona ingururi ematen die lana, energiaren sektorean.
BBK Sestao Elektronika
Instalazio horietan, gainera, BBK Sestao Elektronika zentroa dago kokatuta. Desgaitasuna duten pertsonentzako lanbide-heziketaren arloko proiektu aitzindaria da; izan ere, elektronika arloko ziurtagiria eskaintzen du eta ikasketa metodo berritzaile eta material egokituak erabiltzen dira. BBK erakundeak diruz lagundu du ekimena, 200.000€-ko ekarpena eginez.
Enpleguaren sustapena Ezkerraldean
Sestaoko zentroa Lantegi Batuaken Bizkaiko hogeita bigarren zentroa izango da. Gainera, horri esker Ezkerraldean sendotu egingo da gizarte erakunde horren presentzia, Sestaoko antzinako zentroaz gain hau ere egongo baita. Gaur egun, Lantegi Batuak osatzen duten pertsonen artean, desgaitasuna duten 306 pertsona datoz eskualde horretako herrietatik.
Era berean, BBK Sestao Elektronika zentroak desgaitasuna duten pertsonen prestakuntza bideratuko du, etorkizunera begira. Gainera, inguru horretan enplegua aktibatzeko neurri garrantzitsua izango da, izan ere, Bizkaiko langabezia-tasa altuena da bertakoa. Proiektu honi esker, desgaitasuna duten Sestaoko eta, orokorrean, Ezkerralde osoko pertsonentzako plaza okupazional eta enplegu beharrizanak epe ertain eta luzera betetzen joango dira.
Lantegi Batuak irabazi asmorik gabeko erakundea da eta desgaitasuna duten pertsonentzako lan aukerak sortzen ditu. Gorabidek, adimen-desgaitasuna duten pertsonen alde lan egiten duen Bizkaiko erakundeak, sortutakoa da. Erakundeak 25 zentro dauzka eta zerbitzu sare zabala eskaintzen du Bizkaian. Zentrootan, 3.000 pertsona baino gehiago aritzen dira, horietatik 2.700ek desgaitasunen bat dutenak.
Lantegi Batuakek 1.000 bezerotik gora ditu industria arloko outsorcing eta facility services delakoetan eta kudeaketaren oinarria pertsonetan zentratutako balioak, iraunkortasuna eta bikaintasuna dira, bai bezeroenganako zerbitzuetan, bai pertsonei babesa emateko zerbitzuetan.Bere ibilbidean zehar, erakundeak desgaitasuna duten 5.000 pertsona baino gehiagori lagundu die lana aurkitzen.