Lantegi Batuak Fundazioak BBVAk emandako III. Integra Saria jaso du Madrilen, hots, gizarte-ekintzailetzan eta urritasunen bat duten pertsonen laneratzean bikaintasuna eta berrikuntza bultzatzen duen saria.
Sari hori joan den maiatzaren 10ean eman zuten eta Nuria Esther Muñozek jaso zuen, Lantegi Batuak fundazioak Amorebietan duen tailerreko langileak, hain zuzen. Lantegi Batuak Fundazioko Presidente Hugo Barojak saria partekatu nahi izan du azken 28 urteotan erakunde honekin lankidetzan jardun duten pertsona, enpresa eta erakunde guztiekin.
Hirugarren edizio honetara 196 hautagai aurkeztu ziren, eta urritasunarekin eta laneratzearekin zerikusia duten profesionalek osatutako epaimahai batek egin du horien guztien balorazioa. Aurreko edizioetan saritutako erakundeak hauek izan ziren: Kataluniako “Taller de Tejido Manual de Teixidors” izeneko artisau kooperatiba eta Mallorcako Amadip-Esmet elkartea.
Ramon Jauregui eta Francisco Gonzalez izan ziren BBVA Fundazioaren egoitzan egindako ekitaldiaren buru, Madrileko Marqués de Salamanca Jauregian, hain zuzen.
Lantegi Batuak Fundazioak 2.600 pertsona baino gehiagori ematen die lana, berak dituen 20 zentroetan eta zerbitzu-sare zabalean. Horietatik 2.300ek urritasunen bat dute. %70ek adimen urritasuna dute, %25ek urritasun fisikoa edo zentzumenekoa, eta gainerako %5ek, nahaste mentala.
Eratu zenetik, Lantegi Batuak Fundazioak lan-aukerak sortu ditu 4.500 pertsona baino gehiagorentzat. “Gaitasun handiko” langile horiei, adimen urritasuna duten beste 200 pertsona gehitu behar zaizkie, Lantegi Batuak-etik irten eta enpresa arruntetan lan egiten dutenak, hain zuzen. Azken horiek erakundeak berak garatutako programa baten laguntza dute (Lanerako).
Horrela, abian den ia 30 urte hauetan, Lantegi Batuak Fundazioa erreferente bihurtu da, ekonomia sozialeko tresna eta eraldaketa sozialerako bitarteko. Ekintzailetza eta berrikuntza soziala dira urritasuna duten pertsonak gizarteratzeko baliabideak, eta lanaren bitarteko partaidetza soziala bultzatzen du.