Lantegi Batuak erakundeak langileen konpetentziak ziurtatzeko egitasmo bat jarri zuen martxan 2014an, konpetentzia horiek haien laneko jarduerarekin harremana duten profesionaltasun-ziurtagiriekin lotuz. Prozesu horri esker, dagoeneko, Zerbitzuak unitateko 327 pertsonak dagokien diploma dute; horietatik 189k desgaitasun intelektuala edo gaixotasun mentala dute.
Azken promozioan, seigarrenean, 76 pertsonak –40 emakumek eta 36 gizonek– eskuratu dute Profesionaltasun Ziurtagiria; horietatik 25 pertsonak dute desgaitasun intelektuala edo gaixotasun mentala.
Diploma hori eskuratzeko prozesuan, lorezaintzaren eta garbiketaren sektoreetan izandako lan-esperientzia aitortu, ebaluatu eta ofizialki ziurtatu zaie. Haien ibilbide profesionala aitortzeaz gain, ziurtagiria berme garrantzitsua da Lantegi Batuak erakundetik kanpo dauden enpresa arruntetan lana lortzeko.
Pertsona hauek Bizkaiko 24 udalerritako garbiketa- eta lorezaintza-zerbitzuetan lan egiten dute, baita Lantegi Batuaken beste bezero publiko eta pribatu batzuentzat ere: Bilboko Metroa, Bilbao Exhibition Centre, EHU, OLA zentroa eta Sukarrieta (BBK Fundazioa), Automotive Intelligence Center edota La Salve fabrika. Era berean, bereziki esanguratsua izan da pandemian zehar adinekoen egoitzak eta desgaitasuna duten pertsonen egoitzak garbitzeko zerbitzuetan egin duten ekarpen baliotsua; bi kolektibo horiek zaurgarritasun-egoeran daude. Zehazki, azken diplomak eskuratu dituzten 15 pertsonek mota horretako egoitzetan lan egiten dute.
Lantegi Batuak erakundeko langileek aurkeztu diren garbiketako eta lorezaintzako konpetentzia profesional guztiak (abuztuaren 28ko 1378/09 Errege Dekretuak arautuak) ziurtatu dituzte, zehazki, kategoria hauekin lotutakoak:
• Gainazalen eta altzarien garbiketa, eraikin eta lokaletan
• Laguntza-jarduerak mintegietan, lorategietan eta lorezaintza-zentroetan
Fini Asensiok, garbiketan 6 urteko esperientzia duen Lantegi Batuakeko langileak, honakoa adierazi du: “nire lanpostuan hobetzen, jende gehiagorekin erlazionatzen eta etorkizunean aukera gehiago izaten lagundu dit prozesuak”. Enplegu arrunta bilatzen lagunduko diola uste du eta, gainera, maila pertsonalean ere balio izan diola aipatu du, haren familiak hobeto ezagutzeko Gorabideren Arteagoiti Egoitzan zer lan egiten duen.
Begiraleak prozesuan parte hartzeko proposatu zionean, gustura onartu zuen: “nire kideek bezala, nik ere titulu bat izan nahi nuen, eta, begira, lortu dut”. Konpetentziak ziurtatzeko prozesuak “aukera eman dit egunero egiten nituen zereginak indartzeko, eta teknika eta makina gehiago erabiltzen ikasi ahal izan dut, hala nola erratz-makina eta hidrogarbigailua”; orain arte ez zuen makina horiek erabiltzeko aukerarik izan.
2014 arte, profesionaltasun-ziurtagiriak lortzeko deialdiek prozedura eta eskakizun berdinak ezartzen zituzten parte-hartzaile guztientzat, desgaitasun intelektuala edo gaixotasun mentala dituzten pertsonen kolektiboen laguntza- eta egokitzapen-beharrak kontuan izan gabe. Horrek, praktikan, haien parte-hartzea galarazten zuen, pertsona horiek martxan jartzen ari diren prestakuntza ziurtatuaren sistema berrietatik kanpo geratzeko arriskuarekin.
Hori dela eta, Lantegi Batuak erakundeak plan aitzindari bat abiatu zuen, langileen konpetentziak modu progresiboan ziurtatu ahal izateko. Ordutik, langile horiek guztiek Lantegi Batuaken laguntza jaso dute ziurtapen-prozesua prestatzeko, eta honakoen babesa ere izan dute: Lanbide, Euskal Enplegu Zerbitzua; Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutua (EEI); eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila.
Egitasmoa AukerAbility proiektuaren barruan kokatzen da; proiektu horren % 50 Europako Gizarte Funtsak finantzatzen du, Eusko Jaurlaritzak Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren bidez bultzatzen duen Euskadiko 2014-2020 Programa Operatiboaren esparruan. Era berean, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa du, Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailaren bidez.